Layout

Cpanel

ALBISTEAK

Denon Artean 2016; herritarrekin eta eragileekin elkarlanean osatuko dira aurrekontuak

DA2016aurkezpen

2016 urtean Azpeitiko Udalaren aurrekontua osatzeari ekin dio Udal Gobernuak, eta azken 4 urteetan bezala, herritarren iritzi eta ekarpenek pisu berezia izango dute prozesuan zehar, eta horretarako baliabide desberdinak jarriko dira azpeitiarren esku. 2016 urteko aurrekontuak 3 iturritatik elikatuko dira:

  • 2025 Plan Estrategikoa
  • Alderdi politikoen eta Udal teknikari eta langileen ekarpenak
  • Herritarrak

"Aurtengo aurrekontuak tesitura eonomiko hobeagoan planteatzen ditugu, iazkoarekin alderatuz, 2 milioi gehiago izango ditugula uste dugu eta beraz, inbertsioetarako diru gehiago izango dugu", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.

Herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko, batetik, kaleetan buzoiak ezarriko dira hurrengo astean eta webgunean ere atal berezitua jarriko da horretarako. Bestetik, abenduko lehen asteetan, herriko eragileekin bilerak egingo dira, alorrez alor. "Azken urteetan egindako lanari esker, Udala eta herritarrak gero eta gertuago daude. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu. Honela, kirola, kultura, hezkuntza, gazteria, euskara, berdintasuna, jaiak, eta bestelako eragileekin hitz egingo dugu, aurrekontuak eta hasi berri dugun legegintzaldirako asmoak jorratzeko", agertu du Josu Labaka zinegotziak.

Aurrekontuak osatzeko bideak zabalik daude beraz, eta Udalaren kontu orokorrak urte amaierarako onartzea aurreikusten da: "Behin sail bakoitza bildu eta herritarren ekarpenak jaso ondoren, bi bideak batuko dira aurrkeontuak osatzeko. Jasotako proposamenen arabera izango den arren, urtea amaitu aurretik aurrekontuak udalbatzan onartzeko asmoa dugu", azaldu du Ogasun batzordeburua den Estitxu Elduaienek.

Azkenik, auzo-alkateak berritzeko prozesua abiatuko dela aurreratu dute Udal ordezkariek. Auzo-alkateen figura 2012 urtean berreskuratu zen, auzotarren beharrei hobeto erantzun eta eurekin elkarlana sendotzeko asmoz. Hala, Lasao, Matxinbenta, Urrestilla, Nuarbe eta Aratz-Errekako auzotarrek euren ordezkariak aukeratu zituzten, eta auzo horietako auzo alkateak elkarlan hori indartzeko lanean aritu dira urteotan.

"Hiru urte pasatu dira ordutik eta, partaidetzako udal agintarauak jasotzen duen bezala, auzo alkateak berriro ere aukeratzeko garaia iritsi da. Datozen bi asteetan, hautagaik aurkeztu eta aukeratzeko prozesuari ekingo dio Udalak, auzoz auzo. Aukeraketa prozesua gardena izango da: edozein auzotarrek izan du bere burua aurkezteko aukera eta auzotar guztiek izango dute hautagaiak aukeratzeko eskubidea", gaineratu du Labakak.

Zu hemen zaude: Home Albisteak Denon Artean 2016; herritarrekin eta eragileekin elkarlanean osatuko dira aurrekontuak

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut